Vox alderdi politiko berria da, Europako hauteskundeetara
aurkeztuko dena. Orain arte PP-ko europarlamentaria izan den Alejo Vidal
Quadras eta Euskal Autonomia Erkidegoko PP-ko buruzagi ohia Santiago
Abascal dira alderdi honen buruak.
Orri honetan eskuineko alderdi populista honek dakarzkigun arriskuak azaltzen ditugu.
Bere hauteskunde-programan inmigrazioa, pertsonen
zirkulazioa, edota muga-politikari buruz agertzen diren proposamenak eta
Europako alderdi kontserbadore gehienenak oso antzekoak dira, beraz
ondorioztatu liteke ez dela eskuin muturreko edo ultraeskuineko
alderdia.
Alta, Vox alderdiaren lehenengo batzarrean Espainiako Konstituzioak
klase sindikatuen existentzia onartzea gaitzetsi zuten; aldaketa
klimatikoa adarra jotzat hartu zuten; Santiago Abascal idazkari nagusia
salbuespenik gabe azaldu zen abortuaren aurka… Vox-en ardatz nagusia
lehen erabiltzen zen “España: Una, Grande e Indivisible” leloa da. Ez
daude soilik Kataluniako erreferendumaren kontra, edo balizko
independentziaren kontra, edo eredu federalaren kontra, egungo eredu
autonomikoa ere suntsitu nahi dute. Alderdi honen kideek argi adierazi
dute: “gure herentzia kolektiboa defendatuko dugu espolatzaile
separatisten aurrean, azken hariraino”. Eta “hari” horren inguruan
zalantzarik egongo balitz, Vidal Quadras-ek Kataluniaren kontrako
esku-hartze armatua eskatu dio PP-ri.
Antza, jarrera hauek eskuin faxistatik datozen pertsona ezagunak
animatu ditu Vox-en sartzera edo alderdi berriari babesa ematera,
eserlekua lortzeko gutxieneko aukera izan lezakeen zerrenda ultra
indartsua osatzeko ahaleginek porrot egin eta gero. Azter ditzagun
pertsona horietako batzuk.
Faxistak Vox alderdian
Pablo Barranco, PxC-ko buruzagi ohia
Vox-en sartu diren ultra espainiarren adierazgarririk argiena Pablo
Barranco da. Plataforma per Catalunya-ko Idazkari Nagusi ohia da, eta
egun VOX-en Europako zerrendan 47.a da.
Barranco, janzki argiz jantzita, PxC-k Badalonan egindako ekitaldi islamofobo batean.
PxC-tik atera eta gero, Barrancok “Vía Democrática” alderdia sortu
zuen, eta 2011ko udal hauteskundeetan 10 udalerritan aurkeztu zelarik,
San Just Desvern-eko zinegotzia aukeratua izan zen. “Vía Democrática”
alderdia urtebete baino gehiagoz egon da aktibitaterik gabe, eta
Barranco berriro agertu da VOX-en parte hartzen eta alderdi berri honen
hautagaia izaten.
Ariadna Hernández, Tramuntanako etxe naziko kidea
Bartzelonako Vox-en koordinatzailea Ariadna Hernández da. VOX-en
Europako zerrendan 7.a da. Hernández “Sociedad Civil y Democracia” (SCD)
alderdi populistaren Kataluniako koordinatzailea izan zen. “Sistema”
eta “kasta politikoa” kritikatzeko oso legitimatuta dagoen Mario Conde
bankari ohiak sortu zuen SCD alderdia. Pasa den urrian, oraindik SCD-ko
buruzagia zelarik, Hernández Tramuntanako etxe nazira joaten hasi zen,
Bartzelonako Clot auzoan, eta etxe honetako ekitaldietan parte hartzeari
ekin zion.
Hernández, eskuinean, PxC-ko zinegotzia Alberto Sánchez-en ondoan.
Hernández, ezkerrean, Alberto Sánchez zinegotziarekin jolasten.
Pasa den otsailean, Bartzelonako SCD-ko militante gehienen VOX-era
alde-egitearen buru izan zen Hernández, eta VOX-en herrialdeko
koordinatzailea izendatu zuten, Clot-eko etxe naziko ekitaldietan parte
hartzen jarraitzen duen bitartean.
Yolanda Couceiro Morín, Minuto Digital-eko kidea
Yolanda Couceiro Morín Minuto Digital webgune ultraren editorea da, eta
bera ere Vox-en sartu da. Euskal Autonomia Erkidegoko PP-en egon eta
gero, Couceiro Morínek babesa eman zien Josep Anglada eta PxC-ri
2010ean, haien ekitaldietan parte hartu zuen eta “España y Libertad”
siglak sortu eta zuzendu zituen Espainiako estatuan PxC-ren parekidea
izango zelakoan.
Yolanda Couceiro Morín, goiko aldean Vidal Quadras-ekin eta beheko aldean Angladarekin ekitaldi batean.
Goiko aldean, U-12aren aldeko ekitaldi batean, “Foro Sevilla Nuestra”-ko
Ángel Bordasekin eta “Democracia Nacional” talde naziko ordezkari
batekin. Beheko aldean, bere albumeko beste argazki bat.
Pablo Barranco PxC-tik atera eta gero, Barrancori babesa emateaz
gain, Couceiro Morín “Vía Democrática”-ren El Vendrell-eko zerrendakidea
ere izan zen 2011ko udal hauteskundeetan, zerrendaren ohorezko azken
postuan.
Blas Piñar Pinedo
Espainiako ultraeskuinaren beste militante ezaguna, hainbat alderdi
ezberdin eta zatituetan egon eta gero Vox-en sartu dena. Blas Piñar
Pinedok liburu ultra batzuk idatzi ditu, eta Espainiako ultraeskuinaren
buru historikoaren iloba da. Vox-en lehenengo batzarrera joan zen, eta
bere poza azaldu zuen entzundako adierazpen eskuindarrenengatik.
Blas Piñar-Vox @bpinarpinedo da bere Twitter kontua.
Javier Cortés Lucena
Javier Cortés Lucena, ezkerrean Ángel Bordasekin; eskuinean Vox ordezkari bezala.
Javier Cortés Lucena buruzagi ultra ezaguna da Andaluzian, duela
gutxi arte “Foro Sevilla Nuestra” erakunde xenofoboaren buruzagia izan
da, eta Vox-en sartu da. Europako zerrendan 18.a da. “Foro Sevilla
Nuestra”-k oso erlazio estua dauka Angel Bordasek zuzendutako “Partido X
la Libertad” alderdiarekin (PxC-k Espainiako estatuan erabilitako
marka).
Vox eta faxismoaren mehatxua
Azaldutako guztiak ez du esan nahi Vox “Democracia Nacional” edo
“MSR” bezalako talde faxista denik, baina ideia eskuindarragoei bidea
irekitzeko duen indarra ukaezina da. Vox demokrazia eta elkarbizitzarako
mehatxua da.
Vox-en proposamenak berez oso eskuindarrak dira; alderdia, bere
kanpainen bidez, ikuspegi atzerakoiak bultzatzen saiatuko da. Vox-ek
babesa irabazi ahala, alderdi instituzionalek, bai PP-k bai beste
batzuk, eskuinerago mugitzeko arriskua dute, galdutako bozkak
berreskuratuko dituztelakoan.
Vox bezalako alderdiek bidea ireki ohi diete benetako alderdi
faxistei. Krisialdi honetan, eta egun bizi dugun sistema politiko eta
alderdiekiko desengainua ikusita, erantzun aurrerakoi ezberdinak egon
daitezke: sistema erreformatzearen aldeko ahaleginetatik, egitura
demokratiko berrien aldeko haustura proposamenetaraino doazen
erantzunak. Vox-ek, berriz, kontrako haustura proposatzen du, hasiera
batean erakundeetatik, baina bere jardueran betiko eskuin muturretik
datozen pertsonen parte hartze aktiboa ikusita, ez dago inolako tarterik
Vox-en eskuineko populismoa eta benetako faxismoaren artean. Aitzitik,
Vox-ek faxismo hori ongarritzen du.
Horixe da, hain zuzen, Grezian gertatu zena. LAOS eskuineko alderdi
populista —Vox-en kasuan bezala, alderdi kontserbadore nagusitik zetozen
pertsonek sortutakoa— %7ra ailegatu zen azken Europako hauteskundeetan,
2009an. Geroxeago hondoratu zen, eta bere bozka ia guztiak alderdi
nazira joan ziren, Urrezko Egunsentira alegia. Beste adibide bat
Herbehereetako alderdi populista eta xenofoboa da, Geert Widers-en
PVV-a, frantziar estatuko alderdi faxista Front National-arekin
koalizioa osatu duena.
Laburbilduz, bere ideologia eta bere militanteen artean eskuin
muturreko pertsonen presentzia direla medio, eta faxismoa elikatzen
duela medio, Vox alderdia baztertu beharra dago.
Demokrazia defendatzen duen inork ez lioke bere bozka eman beharko.
Ateratako blog artikulu red unitaria contra el fascismo y el racismo